XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

25.etik 40.era doazenetan bildu dira Lexikografiari lotzen zaizkionak.

Hauxe dugu Mitxelenak maizen eta sakonen landu zuen arloetako bat.

Gogora dezagun beraren esku utzi zuela Euskaltzaindiak Azkueren hiztegia osatzeko eta egokitzeko ardura eta, bete ere, zintzo bete zuen agindutakoa.

Horren froga ezin hobea da urte luzeetan zehar bildu zuen 300.000tik gorako fitxa kopuru hazia, horietarik zenbait bera zendu ondoren argitaratu diren Orotariko Euskal Hiztegia-ren lehenbiziko lau liburuki marduletan erakustera eman zaizkigularik.

Orobat, lehenagoko Estudio sobre las fuentes del Diccionario de Azkue (1970, 2. arg. 1984ean, Euskaltzaindiak argitaratutako Azkueren hiztegiaren edizio berriari erantsia).

Mitxelenak ez zion sekula uko egin ardura horri, bere eskuz idatzitako aitorpen honek salatzen duenez: en ningún momento ha dejado de estar en el punto central de mis preocupaciones. Excepto cuando he tenido que dedicarme a tareas más urgentes, aunque generalmente anejas, he seguido acumulando y revisando materiales (SHLV, 373. or.).

Ezin dugu ahaztu, bestalde, I. Sarasolaren Hauta-Lanerako Euskal Hiztegia-n (bost dira dagoeneko plazaratutako aleak) izan zuen eragina.

Etimologiazko zenbait auzi garbitzen ageri zaigu 41etik 50erakoetan.

Berebiziko zaletasuna erakutsi izan dugu euskaldunok zein euskaraz arduratu diren hainbat atzerritarrek etimologi korapiloak askatzearren, horretarako behar zen prestakuntza ezaren ondorioz, gauzak desbideratu eta lehen zeuden baino nahasiago jarri badira ere maiz.

Fantasiei ihesi eginez, ahalik eta oinarririk ziurrenak bilatzen saiatu zen Mitxelena.

Aipamen berezia merezi dute liburuki hauetan azaltzen zaizkigun Corominasen Diccionario crítico etimológico de la lengua castellana-z eginiko iruzkin aberatsek (45.a).

Mitxelenaren iruzkin, ohar eta hipotesion lehen bilduma J. J. Arbelaizen Las etimologías vascas en la obra de Luis Michelena (Kardaberaz bilduma, Tolosa, 1978) liburuan aurki dezakegu (cf. orain M. Agud - A. Tovar, Diccionario etimológico vasco. I. A-Ardui, ASJU-ren gehigarriak, 13. zb., 1989, II. Ardun-Beuden, ASJU-ren gehigarriak, 19. zb., 1990).

Badira, halaber, toponimia eta onomastika gorabeherez ari direnak (51-57).

Ez dugu ahantzi behar sail honetan ere maila goreneko lana burutu zuela Mitxelenak: Apellidos vascos (1953, 3. arg., zuzendua eta osatua, 1973, facsim. 1989).

Baita, noski, Onomástica y población en el antiguo reino de Navarra eta Notas linguísticas a Colección diplomática de Irache [biak orain PT-en bilduak].

Literatura izan zen Mitxelenaren beste aztergaietako bat.

Berea da, hain zuzen, euskal literaturaren historiaz plazaratu den lehenbiziko liburuetako bat: Historia de la Literatura Vasca (1960, 2. arg. 1988).

Gai honek ere badu bere txokoa bilduma honetan (62-65), Literaturaren historia horretarako argibide berriak aurkezten direlarik bertan.

Esan beharrik ere ez dago, euskararen historia eraikitzearren zeukan ardurak murgilerazi zuela Mitxelena literatur azterketetan.

Nolanahi ere, euskal metrikaz egindako oharrak, testukritikarako urratutako bide berriak... guztiz erabakiorrak suertatu dira.

Mitxelenaren lanen artean bada, dena dela, Literaturaz bete-betean ari den bat edo beste, Oihenartez diharduena esate baterako.

Euskal izkribu zaharretan diren makina bat pasarte ilun argitzeari ere ekin zion.